SARRERA
Gizabanakoen eta lekuen istorio zehatzen barruan sartu aurretik, beharrezkoa da hitzak ulertzeko geldialdia egitea. Lan behartua, esklabutza, gerrako presoak… Historia-liburuetan agertzen diren terminoak dira, baina horien atzean benetako bizitzak daude, sufrimendua eta mendez mende eta mugez haraindi iraun duten botere-sistemak.
Unitate honek iragana begirada zabalago batez ikustera gonbidatzen gaitu. Lan behartua ez da fenomeno isolatu bat, ez frankismoarena, ezta Gerra Zibilarena ere: gizateriaren historian zehar lagun izan du, Antzinarotik gaur egunera arte —piramideak eraiki zituzten esklaboetatik hasi eta Atlantikoko esklabo-salerosketa bidez Amerikara eraman zituzten milioika afrikarretaraino, edo XX. mendeko kontzentrazio-esparruetaraino. Garaiak eta izenak aldatzen dira, baina zapalkuntza eta ustiapenaren logika errepikatu egiten da.
Ibilbide historiko honen bidez ulertuko dugu esklabutza askotariko formak har ditzakeela, ikusgarriak zein ikusezinak, eta oraindik ere munduko hainbat tokitan bizirik dirauela. Bere bilakaera ezagutzea ez da soilik historia ikastea: kontzientziaz begiratzeko modu bat da, oraindik existitzen diren desberdintasunak aitortzeko, eta ulertzeko zergatik askatasuna, justizia eta duintasuna ez diren inoiz berez emandako balioak izan behar.
BEROKETA ARIKETA
Ariketa: “Pisua duten hitzak”
… esklabutza askatasuna lana zigorra duintasuna..
- Zein harreman uste duzue egon daitekeela lan behartuaren eta esklabutzaren artean?
PODCAST
Ariketa: “Helburuarekin entzun”
Podcasta entzuten duzun bitartean hurrengo atalak kontuan hartu:
Kontzeptuak (derrigorrezko lanak, esklabotza, gerrako presoa…).
Audioan zehar egiten diren definizioak.
Adibideak edo testuinguru historikoak.
Ez da hitzez hitz idazten, gako-hitzak soilik.
ARIKETAK
Ariketa – “Denbora lerroa”
- Mesopotamia, Egipto, Erroma, Erdi Aroa, Amerikaren kolonizazioa, XX. mendea, egungo garaia… Azaldu laburki garai bakoitzean zein esklabutza edo lan behartu mota zegoen.
Ariketa – “Ez nik aukeratutako lana”
- Eztabaida gaia:
Zein da alde nagusia lan egitearen eta lan egitera behartuaren artean?
- A egoera: Borondatez lan egiten duzu.
- B egoera: Lan behartua jasaten duen pertsona bat zara.
Adierazi, egoera bakoitzean, emozioak, eskubideak eta bakoitza irabazten eta galtzen duena.
Ariketa – “Iraganetik gaur egunera”
Bakoitzak audio bat grabatuko du edo hausnarketa egingo du hurrengo galderen inguruan:
- Zer izan da zuretzat harrigarriena podcastetik?
- Zergatik uste duzu gaur egun oraindik esklabutza existitzen dela?
- Zer egin genezake, gizarte edo norbanako gisa, hori saihesteko?